XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren laguntzarik gabe ez bait nezakeen liburutxo hau argitara eman, hasteko.

Areago, eta horixe bai dela inportanteago, ez bait nitzakeen estimatzen ditudan lagun minak besarka orain egiten dudan bezala, ez bait nezakeen maite dudan pospolinarekin orain bezala maitasun eta eztabaida egin, ez bait nukeen posible itsas eta mendi bazterrak kurritu eta dastatzea, ez eta, (zuri Joseba) gereziak belarrondoetan eskegita, kalez kale paseatu eta nahi dituzun horien puntan jartzen zaizula kafetxo bat hartzera eseri terraza eguzkitsu batetan, adibidez.

Bai, Belarragatik ez balitz, harekin batera aurkituko nintzateke kartzelan, komisartegiko infernutik pasa ondoren.

Eta infernua diodala, zera galdetuko nieke zeru eta infernuaren ideologoei, eta bereziki J. M. Lekuona eta J. Antonio Artamendi ene garai bateko maisu beldurtiei: 33 intelektualek zinaturiko gutun lotsagarrian parte hartu zenutelarik eta geroztik isiltasun lasai bezain konplizean zaudetela, ahantzi al duzue niri irakatsitakoa?.

Ahantzi al duzue zuen jokabide beldurtia Mikel Salegi hil zutelarik?.

Zergatik orduan hain isil erahilketa bat zela salatu behar zen momentuan, eta orain hain ausarta erotegietan toki aproposagoa luketenen biolentzia gaitzesterakoan?.

Baina nik hauxe diotsuet: ez euskara (Juan Mari) ez arrazoia (Arta) ditu gure Herriak behar bezala ezagutuko darabiltzazuen jokabide txepel eta konplizeekin.

Hitzaren eremua mugaezina dateke, mugaezin bezain mugagabe.

Hortik datorkio duen boterea, apika.

Norberaren askatasuna nahi eta erdiesteko ahalegintzen denak ongi jakin behar du hitzaz baliatzen.

Mintzamenak eta hizkuntzak tajutzen bait gaituzte neurri apreziagarri batetan.